XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Perpaus honetan bi atal nagusi ditugu, P1 eta P2 biak elkarren pareko, baina, P2 berak beste bi juntagai ditu: P3 eta P4.

Hauek ere elkarren pareko dira, baina horrela nolazpaiteko hierarkia sortzen da perpausean.

Juntadura juntagailuen bidez gauzatzen da.

Menderakuntza, berriz, menderagailuen bidez.

Euskal gramatiketan juntagailu eta menderagailuen arteko muga modu argi batean ezartzen da.

Hor dugu, adibidez, Azkuerengandik datorkigun harako bereizketa hura: Las conjunciones afijos son, por lo general, subordinativas, y coordinativas las conjunciones vocablos (Azkue, Morfología, 478. orr.)

Beraz, morfologian ere isladatzen da perpaus elkartuetan egin dugun bereizketa hori: perpaus juntatuetan juntagailuak agertuko zaizkigu, hitz solteak hortaz, (eta, baina, edo, adibidez).

Baina adizkiari itsatsitako atzizkiak (-en, -ela, ...) nahiz aurrizkiak ((baldin) ba-, bait-) agertuko zaizkigu perpaus txertatua dugunean.

Beraz, irizpide honetan oinarri gaitezke txertaketa eta juntadura bereizteko, euskaraz juntaduraren eta menderakuntzaren arteko diferentzia sintaktikoa morfologiazko diferentzia batez azaleratzen baita.

Horregatik, gramatika honetan morfologiazko ezaugarri honen arabera egingo da menderakuntzaren eta juntaduraren arteko bereizketa: aditzak atzizki edo aurrizkiren bat badarama, perpaus txertatua dela esango dugu.

Hortik aparte, aditza jokatu gabea bada, orduan ere aditz hori perpaus txertatu batekoa izan ohi da, beraz menderakuntzaren aurrean gaudela esango dugu (ikus (15)eko adibideak.

Jakina, badira perpaus lokabeak, eta juntatuak ere, itxuraz aditz jokatu gabe modura agertzen direnak (agintekeran, adibidez), baina egiazki aditz jokatugabeak ez direnak, laguntzailea ezabatua duten aditz jokatuak baizik.

Gerta daiteke irizpide hauen arabera txertatutzat emango genukeen perpaus baten oso antzekoa edo esanahiaren aldetik baliokidea den beste bat txertatua ez izatea, irizpide formal honi emango baitiogu pisu berezia.

2. Hiru irizpide

Hona hemen, nolanahi ere, menderakuntzak berekin dakartzan ezaugarri morfosintaktikoak.

Ezaugarri horietan oinarri har dezakegu perpaus elkarketa menderakuntza edo txertakuntza bidez gauzatua den ala bestelako elkarketa dugun erabakitzeko.

Hiru irizpide nagusiz balia gaitezke: a) Adizki alokutiboak.-

Perpaus txertatuek ez dute onartzen adizki alokutiborik.